Dentistek ahoko piercingak ez jartzea aholkatu dute
- Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak ohartarazi du zulaketa hauek mingainean, ezpainetan eta ahoan egitea arriskutsua dela
- Sortu daitezkeen arazoen artean, ohikoenak dira hortzoiaren atzera-egitea, infekzioak eta traumatismoak. Izan ere, piercinga ezartzen duten bost pertsonatik batek pairatzen du zulaketarekin erlazionaturiko arazoren bat
- Arriskua egonda ere ahoan piercinga jarriz gero, gipuzkoar dentistek higienea arretaz zaintzea eta ahoaren egoeraren jarraipena egiteko dentistarenera jotzea gomendatu dute.
Aho-barrunbean piercinga ezartzeak osasun arazo garrantzitsuak eragin ditzake. Honela ohartarazi du Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak, zulaketa hauek mingainean, ezpainetan eta ahoan ez egitea gomendatuz. Sortu daitezkeen arazoen artean, ohikoenak dira hortzoiaren atzera-egitea, infekzioak eta traumatismoak. Izan ere, piercinga ezartzen duten bost pertsonatik batek pairatzen du zulaketarekin erlazionaturiko arazoren bat. Hori dela eta, odontologoak ohitura honen aurka agertu dira, eta arriskua egonda ere ahoan piercinga jarriz gero, ezartzean eta orbaintze-prozesuan higienea arretaz zaintzea eta ahoaren egoeraren jarraipena egiteko dentistarenera jotzea gomendatu dute.
Aho zulaketen eta hortz-arazoen arteko lotura frogatua dago. ADA Ameriketako Dentisten Elkartearen arabera, “piercingak osasunarentzat kaltegarriak izan daitezke ahoan ditugun milioika bakterien eraginez”. Mina, infekzioak, hantura, odol-jarioa, hortzoien atzera-egitea edo lesioa, hozmintzea, dastamenaren galera, metalarekin etengabeko kontaktuak eragindako hortzen haustea… kontraindikazioak ugariak dira eta larriak izatera iritsi daitezke, hepatitis B edo Giza Immunoeskasiaren Birusa kasu. Metalezko piezak erradiografiak egitean hortzen zainketa oztopatu dezaketela gaineratzen du amerikar elkarteak, baita kirola egiterakoan piercingak kentzea gomendatu ere, eta ahoa hortz-babesgarriarekin estaltzea.
Batzuetan dentistak dira kontsultan lehenengo sintomak antzematen dituztenak. Arazo ohikoenen artean daude hortzoiaren atzera-egitea, metalezko piezak hortzaren oinarriarekin egiten duen etengabeko kontaktuak eragindako arazoa eta piercinga ezarri eta sei hilabete eta bi urte bitartean gertatzen dena. Honek arazo periodontal larriak sor ditzake hortzaren sustraia babes gabe uztean.
Bestalde, materialaren esterilizazioa zuzena ez bada edo higienea ez bada perfektua piercinga ezartzeko momentuan, gorputzean zehar zabaldu daitezkeen infekzio lokalak sor daitezke. Gainera, traumatismoak ere ohikoak dira, piercingak maiz katigatzen edo erauzten baitira, bereziki ezpainetan eta ahoan.
Mingaineko piercingaren arriskuak
Traumatismo horiek bereziki arriskutsuak dira mingainean gertatzen direnean, dastamenaren edo ukimenaren galera eragin baitezakete, baita hitz egiteko gaitasunaren gutxitzea, itxuragabetasuna edo hematomek eragindako min bizia. Izan ere, mingaina da infekzio-arrisku altuena duen gorputzeko atala, ahoan ditugun bakterien kopuru altuaren eraginez. Infekzioak ekiditeko, orbaintze-prozesuan zehar higienea arretaz zaintzeaz gain, dentistek kolutorio antiseptikoekin irakuzketak egitea gomendatzen dute, baita alkoholik ez edatea eta piercinga mantendu bitartean odontologoaren kontsultara joatea ere.
Identificación